Atal honetan biltzen dira Heziberri 2020 hezkuntza ereduaren arabera sortutako zenbait unitate didaktiko, bai inprimatzeko formatuan, bai formatu digitalean. Unitate didaktiko hauek adibide izan nahi dute, besterik ez; oinarrizko konpetentziak garatzeko eta gelan jarduteko modua erakutsi nahi dute.
Adibide diren heinean, gune honetan ez daude islatuta ikastetxean lantzen diren arlo/ikasgai eta eremu guztiak ezta maila guztiak ere. Edozein arlo/ikasgaitarako baliagarriak izan daitezke; bertan antzeman daitezke konpetentziak garatzeko bideak.
Metodologia aktiboa dute oinarrian eta webgune honetan jasotako gidaren arabera daude garatuak (Unitate didaktikoak egiteko eta balioesteko gida). Hartara, ikasleek testuinguru batean txertatutako arazo batetik abiatuta, erronka horri aurre egin eta prozesu bati jarraituz, proposatutako ataza burutuko dute.
Unitate didaktikoaren egiturak bi atal ditu: bata, irakaslearentzat (planteamendu didaktikoa zehazten da bertan: arazo-egoeraren deskripzioa, unitatearen xedea, helburu didaktikoak, edukiak eta ebaluazio-irizpideak); eta, bestea, ikasleentzako materiala da, gelarako jardueren segida. Haur Hezkuntzako kasuan, unitate didaktiko osoa irakasleentzako gida da.
Ikasleen materialak, arazo-egoera batetik abiatuta, unitate didaktiko batek eduki beharko lukeen egitura erakusten du (hasierako fasea, garapen fasea, komunikazio/aplikazio- fasea eta orokortze- eta transferentzia-fasea), eta azken produktu bat lortzera bideratutako askotariko jarduerak, elkarri lotuak. Jarduera horien bitartez, ikasleek diziplinari lotutako konpetentziaz gain, oinarrizko zeharkako konpetentziak landuko dituzte (izaten ikasteko, ikasten eta pentsatzen ikasteko, hitzez hitzik gabe eta baliabide digitalak erabiltzeko, ekimenerako eta ekiteko espiriturako eta elkarrekin bizitzeko).
Unitate hauetako batzuk berriak dira, beste batzuk, berriz, Berritzegune Nagusiak eta irakasle taldeek duela urte batzuk egindako sekuentzia didaktikoen moldaketak; aurreko Curriculumean ere konpetentzien araberako planteamendua garatzen baitzen. Azpimarratu egin behar dugu, bestalde, adibideak eurak egokitu egin behar direla; betiere, ikastetxearen eta ikasleen errealitatearen arabera.
HAUR HEZKUNTZA
LEHEN HEZKUNTZA
BIGARREN HEZKUNTZA
HELDUEN HEZKUNTZA
MATERIAL DIDAKTIKO DIGITALA
Sekuentzia didaktikoa planifikatzeko txantiloia
Sekuentzia didaktikoa planifikatzeko txantiloi berri honek sekuentziaren elementuak modu globalean ikusteko aukera ematen du. Unitate didaktikoaren hasieran dagoen txantiloia elementu berberak jasotzen ditu. Hemendik deskargatu daiteke.